vendredi 27 janvier 2017

Jesus Mari Arruabarrena: Diburzi izenez, serora ogibidez


Diburzi izenez,

serora ogibidez

Jesus Mari Arruabarrena

Azken belaunaldia, Bizkaiko Foru Aldundia, 2002, 136 or.

Liburugileek ez dute ezagutzen Diburzi, baina bere garaia eta bere zereginak hitz ponposoetan laburtzen dituzte. Berak serora izan zela diosku, bizi-beharrak bultzatuta elizako zenbait ardura hartu zituela, hala nola kanpaiak jo, eliza garbitu, sepulturak zaindu, eta beste hainbeste.
Balleteko dantari pausua duen emakume bizi eta adoretsu honek XIX mendearen arnas eta kutsua gaur eguneraino luzatzen du bere hizkera, pentsamendu eta portamenean. Duela 89 urte jaio zen Orozkon, etxe behartsu batean. Bederatzi urterarte Merzedarien komentuan ikasi zuen «krida» (neskame). Neba bat frailea zuenez eta beste bat abadea, ez da harritzekoa bera ere elizako lanari lotu izana.
Abade ikasitako nebarekin bizi da Abadiñoko elizaldeko etxe ilara zaharrean. Don Aureliano Letona —horrelaxe deitzen da herriko apaizik beteranoena— sankristau lana egitera etorri zen herrira, baina irabazten zuen pezeta bakarraz ezin etxekoak mantendu eta arreba serora lanetan hasi zen. Don Aurelianok Israel aldeko parajeak eskuko hatzak bezain ongi ezagutzen ditu, irudi bailuke soldaduska han egin zuela eta ez Ceutan. Buruz dakizki Herodes eta Poncio Pilatoren pasadizoak, Jetsemanin edo Samarian bere begiz ikusiak balitu bezala. Diburziri aldiz beste espiritu bat antzematen zaio, espiritu praktikoa.
Belaunaldi guztiek diote euren arbasoak fededunagoak zirela eta haien denboratik hona gizalegea gainbehera datorrela estrapozoka. Egia esan, aspaldiko euskal gizartean kristautasuna pil-pilean zegoen: bazeuden Mariaren alaben tankerako fededun taldeak, Hiru abadeko Meza Nagusiak, buldak, eta hamarrena bereizteko galbahea.
Diburzi eta Don Aureliano. Abadiño


Herritaren begietan antzinako serorak ez ziren elizako garbitzaile soilak, herri osoko etxekandreen buruak baizik. Hileta, prozesio eta beste elizkizunetan emakumeen ardura hartzen zuten. Norbait hiltzen zenean, andra-segizioa difuntuaren etxetik elizaraino gidatzen zuten, eta funtzioaren ostean taldea berriro etxera itzulitakoan Requiescat in pace latinez zein euskaraz esaten zuten hileta elizkizuna amaitutzat emateko (Larramendik XVIII. mendean esana). Hildakoari zango eta besoetako lokarriak kentzen zizkioten, eta hobiratzeko orduan aurpegia zapi batez estaltzen zioten. Elizako ardurez gain zenbait herritan eskolan maistra zereginetan ere baziharduten —hala zen esaterako Idiazabalen 1663. urtera arte (1).
Eliz-emakume hauek berrogei urtetik gorako ezkongabeak izaten ziren eta ezkontzen zena elizatik kanporatu egiten zuten (Larramendi). Hauen ordez seglarrak aukeratzen hasi ziren seroratzarako. Diburzi bera ezkongabea izan arren, beste serora asko ezkonduak ziren (bere ama bera zuen horietako bat); beraz, elizarentzat lan egin bai, baina elizgizonek eta lekaimeek baino eskubide zabalagoak izanik. Denboraren poderioz sekularizatu ezezik zereginak ere murriztu egin zaizkie.
Serora lanaren parterik pisuzkoena hildakoekin lotua zegoen, eta hilobiak prestatzea Diburzi bezalakoei zegokien (2).
Lehengo denboretan elizako lekuak oso arautuak egoten ziren: harrizko zoruan, elizaren aurretik hasi eta erdira ingururarte, gizonentzako banku luzengak egoten ziren, eta azkenen goetan berriki hildakoen senitartekoak esertzen ziren. Handik atzera, sepulturak. Etxe bakoitzari numero bat zegokion, «jarlekua», oihala eta argia ipintzeko.
Abadiñon hogei bat sepultura —hil berri— izango ziren, eta horrek Diburzi burukomin franko sortzen zion, berak atontzen zuelako guztia heriotza gertatu ondoko bi urtetan. Prestakuntzaren ondotik, nebak edo beste abaderen batek meza nagusian «erresposoak» esan eta urez bedeinkatuko zituen sepulturok. Guztiahaldunari zenbat eta erregu gehiago egin, hainbat txanpon gehiago jasoko zuen apaizak kapelara. Halaxe zen legea —defuntuen destinoa—, jendeen gogoan zerua, purgatorioa edo inpernua mehatxu eta itxaropen biziak ziren garaian. Baina Letonatarrak lurtarragoak ziren. Eukararistiako ogia zurezko prentsa batez ebakitzen zuten legamirik gabeko ogizko lamina xuri xapal batzuk trokel biribil batzuekin zulatuz, eta umeek gozoki faltan «errekorteak» (ogizko laminen soberakinak) eskatzen zizkietenean eskuzabal jokatzen zuten. Koruko ahots zirraragarrienak estasitik hurbil zeudenean ere, nik uste Don Aurelianok ez zuela gizonaren eskala galtzen, ezta pulpitoan gora abiatutakoan ere. Izatez ez zen etorri handiko gizona, eta ez zeukan bere burua sermoilari ontzat; beharbada horregatik egonaldi luzeagoak egin ditu aitorlekuko ilunbetan eliztiarren belarri-xilora kristau gomendioak eztiki ixurtzen, pulpituko gailurretik dunboska eta begiak oldarturik jendearen bihotzetan infernuaren izua barreatzen baino. Diburzik, bestalde, hobeto daki nekea deskribatzen arima baino, beharbada bizitzak sarriago eskatu diolako erne eta trebea izatea sotil eta izpirituala baino: «Elixiek behar asko ei dauko. Oin ezebez… jente gutxi etorten da, erditik eta laurenak be eztire etorten». Aparato modernoa erosi dute hautsa kentzeko eta lehen oso nekosoa zitzaion lana orain santiamenean egiten dute.


Amezketako San Bartolome eliza


Diburzi serora zenean, berak zabaldu eta ixten zuen eliza, berak jotzen zituen kanpaiak, eta larunbat-igandetako mezetan erabiltzen zen tresneria sakratua astelehen guztietan berak erretiratzen zuen (elizaren lilura desagerraraziz). Lan horren aldera eta elizako beste betebeharrengatik, urtean behin, San Andolin inguruan astoa hartu eta etxe ta baserriz hasten zen kobrantzan beste andre bat lagun hartuta. Ohitura zaharrak agintzen zuenez, sepulturadunek nahita-nahiez «kuartea» —hamabost kilo gari— eman behar zuten; gainerako  guztiek, berriz borontatea. Baserritarrek lorez marraztutako plater sakonak husten zituzten seroraren zakura. Inguruko auzo guztietara joaten zirenez, hamarren guztiak biltzeko hiru edo lau egun behar izaten zituzten. Astoa gehiegi zamatu orduko karga taberna batean uzten zuten, gero okinak ekar ziezaien. Kaleko etxe banakatxoan garia barik txanponak biltzen zituzten, jarlekuko hiruna erreal. «Batzen geñune, hori zan gure jornala».
Bilketa hauek direla medio historian zehar izan da sona handiko istilurik euskal herrietan. Antzina, zenbaitzuk, borondatea eskatu beharrean, monja soinekoa eta txanoa jantzirik itxura beldurgarria hartuta herritarrak ikaratzen aritzen ziren. Ondorioz, arropa horiek janzteko debekua etorri zen —biltzaile guztiek ez zerabilten—janzkera berdina ordea, ez zegoen «uniformerik». Tolosako Andra Marikoek adibidez zaia zuria eta manto beltza janzten zuten. Gehiegikerien artean, Marina de Zumeta eta Gracia de Balda izeneko serorek XVI. mendean Azkoitian egin zituzten eskariak gogoratu behar. Premiaz barik gehiago guran ibiltzeagatik, bildurikoa bueltatzera behartu zituen udalak, isun eta eskomikuaren mahatxupean.
Diburziri galdetu diodanean ea jendea ematera zegoen ala ez, oiloaren inpultso elektrikoaz burua mugitu eta guztioi begira «ba! Daukena iguel ez eta eztaukena iguel gehiau» errantzun dit. Egokitu zaio behin edo behin etxagun bati edo besteri muturra tximurtuz erantzun beharra. «Eztaukenari ezin leio eskatu… Eurek ez eukien borondaterik emoteko ta neuk eskatu behar. Aterik ate dabilenak ezin lei burue makurtute ibili, bestela ez dago ezer».
Arto sasoian Diburzik bi gizon kontratatzen zituen borondatea atez ate eska zezaten. Beste herri batzuetan, artoa eta garia ezezik, linua, gaztainak, ogia eta sagarrak ere biltzen zituzten. Baina zalantzarik gabe ofrendarik mamitsuena Zuberoako fededunek ematen zuten hiletetan: ahari bat.
Datu guztien arabera, agintariek sankristauak indartu nahi zituzten seroren kaltetan. 1769ko errege agindu batek manatu arren serorek karguari utzi ahala gizonezkoek hartzeko haien lekua, Diburzik —Iparraldeko beste serora askok bezala— bere lanari 50eko hamarkadara arte eutsi dio.
Gaur jaio izan balitz agian merenderoren batean lan egingo zuen eta begiko izango zuten bere ganora eta trebeziarengatik, baina kontsumoaren eta telepredikatzaileen sasoiak bunker zaharrean harrapatu du. Kanpoan enarek espiralak egiten dituzte elkarri segika, txio-txio zoroan; urrunxeago, zibilizazioaren burrundara.

(1)     Diburziri elkarrizketa egin eta handik urte mordora, 1996an alegia, Eustasi Sagastune Amezketako serora ezagutzeko parada izan dut. Garai batean garrantzi handiko pertsonaia zen segizioan, eta kanpaiak automatizatu zituzten arte berak jotzen zituen eskuz. Horrez gain Amezketako San Bartolome Eliza bakarra edo bakarrenetarikoa denez argizailak bere horretan mantentzen, beste herri batzuetan desagertua dauden lanak egiten jarraitzea behartu zaio Eustasiri. Berak darama defuntuen argiaren ardura: elizan "hachero"ak (hacha edo kandela handiei eusteko armazoiak, aulkien aurrean doazenak) jartzen ditu urtean hildakoen ohoretan, eta etxean fededunek urtean hiru edo lau aldiz eramaten dizkioten argizaiolak garbitzen ditu eta argizaria jartzen die.
(2)     1786an, Carlos III.ak eliza barruan hilobiratzea debekatu zuenetik, sepultura ez zen gehiago benetako hilobia, baizik eta oihal beltz batez markatutako haren irudi sinbolikoa. Hildakoa umea edo “aingerutxoa” zenean, oihal zuria jartzen zen beltzaren ordez.


Aucun commentaire:

Enregistrer un commentaire