Serora
emakumezkoak
elizen zaindari
Testua: Itsaso Arizmendi
Argazkiak: Idoia Zabaleta
Argazkiak: Idoia Zabaleta
7K aldizkaria, Gararen igandekaria
Duela 500 urte
garrantzi handiko instituzioa izan zen eta Euskal Herri osoan egon zen errotuta.
Herriak estimu handitan zituen emakume hauek eta ohore kutsua zuten: nahiko
gauza harrigarria zen hori garai hartan, emakumezko ezkongabeak edo alargunak,
ekonomikoki independenteak eta asko leku aldenduetan bakarrik bizi zirela
kontuan hartzen badugu. Zenbat errezelo eta gaizki esan ez ote zituzten sortu !
Iraun egin zuten, ordea, eta ofizioari jarraitzen dionik ere badago oraindik.
Juanita Aiestaran Bengoa, Lazkaoko San Prudentzio ermitako serora da tradizio
horren lekuko.
Boterea,
zerutarra zein lurrekoa, gizonezkoen esku egon da beti eta gogor saiatu zen
emakume hauen izen ona zikintzen eta, batez ere, haiekiko mesfidantza sortzen. 1750 inguruan hasi ziren instituzioa legez deuseztatu nahian Pierre Lancre inkisidoreak berak ehun urte lehenago
sorginkeriaz salatu zituen, haren pertsekuzio eldarnioan.
Juanita Ayestaran Bengoa |
Antxon
Aguirre Sorrondo antropologoak adierazi digunez, «serora» hitzak bi jatorri
posible ditu : batzuek diote frantseseko «sœur» (ahizpa, moja) hitzetik
datorrela ; eta beste batzuek, berriz, ‘s’ hizkia garai bateko ‘ç’-ren ordezkoa
dela eta serora hitzan «cera» (argizaria) hitzetik eratorria dela; izan ere, seroren eginkizun esanguratsuenetako bat eliza barruko hilobien
gaineko argizaiolak eta kandelak piztea izan ohi zen.
Serora-Etxeetan
bizi eta hiltzen ziren normalean, eta kasu batzuetan taldean era bizi izan
ziren, hiru, lau, bost eta sei emakume elkarrekin. Ez da denbora luzea Euskal
Herriko baselizei itsatsita egon diren etxe hauetako asko eta asko bota
dituztela, baina batzuek oraindik ere zutik jarraitzen dute, San Prudentzioko
Serora-Etxeak bezala. San Prudentzioko Juanita, hala esaten diote herrian,
senarrarekin bizi da bertan, baita ezkondu aurretik ere, hamalau urte
zituenetik, eta hantxe hazi ditu hiru seme-alabak.
Giltzen gordetzaile
Erdi
Aroan eta Errenazimentu garaian herriko agintariek izendatzen zituzten serorak,
Elizaren onespena jaso ondoren. Familia leinukoa bazuen, behintzat, hautagaia
Elizari ahalik eta doterik onena eskaintzen saiatzen zen izendatzeko unean, eta behin onartu eta gero, herriaren aurrean zeremonia baten bitartez egiten zen
giltza hartzea : ermitaren aurrean ematen zitzaizkion serora izendatu
berriari bertako giltzak, kanpaiak joz eta elizako olio argiak piztuz.
Bestalde, aski zabalduta zegoen serora izendatu aurretik hautagaia denboraldi
batez apaiz edo abaderen baten zerbitzura bizitzeko ohitura. Seroren lanbidearen
bereizgarri euren jantzia izan zen, harik eta aparteko janzkera bera ere
debekatu zieten arte. Burukoa jantzita ibiltzen ziren domingotarren,
frantziskotarren edo karmeldarren abitua zutela soinean.
Edozein
emakume, ordea, ezin zen izan hautagai : «Si no fuera casta y buena, o
fuera alcahueta o mala cristiana sea excluida de dicha casa y servicio», zioen
legeak, hau da ospe eta izaera oneko emakumea izan behar zuen serorak. Hori
dela-eta, eta bekatu arriskua ekiditeko edo, baldintzarik arrazoizkoena serorak
40 urtetik garagoak izatea zela erabaki zuten, neska gazteak bestelako ohitura
eta tentazioetara errezago makurtuko zirelakoan.
San Prudenzio ermitako serora, atea ongi itxita dagoela egiaztatzen |
Edonola
ere, eta esanak esan, serorak oso entzute oneko emakumeak ziren beren debozioagatik
eta, ondorioz, garaiko hainbat gai sozial eta pribatutan parte hartzeko aukera
izaten zuten, orduko andre arruntentzat guztiz ezinezkoa zena.
Orain
dela berrogeita hamar urte, berriz, Lazkaon, eta zer esanik ez auzoan, oso
begiko duten Juanitaren izendapena ez zen horren zeremoniatsua izan. Ama hil zenean,
berak hartu zuen kargua, beste eztabaidarik gabe ; hori bai, Udalaren eta
Elizaren onespenarekin. Baldintzarik
jarri ote zioten galdetu diogunean, harrituta begiratu digu, zein baldintza
motaz ari ote garen asmatu ezinik. Ez gara moraltasun konturik aipatzen ausartu,
begi-bistakoa baita Juanita emakume prestua eta onbera dela, eta ez litzateke
bidezkoa epairik egitea. Hamalau urterekin joan zen Serora-Etxera bizitzera, ama
alargundu ondoren, eta hau hil ta gero, hogeita zazpi urte zituela egin zen
serora ; garai batean ez zukeen, beraz, derrigorrezko adin baldintza
beteko.
Seroraren
zereginak
Seroren zereginak anitzak eta
ugariak izan ziren garai batean. Eliza edo baseliza garbitu eta txukun
mantentzeaz arduratzen ziren, hala nola, elizkizunetarako apaindurak eta
elizako jantziak, albak, izarak eta palioak garbitzen zituzten. Olio argiak beti
pronto zituzten. Ehorzketak eliza barruan egiten ziren garaian argizaiolak eta
kandelak hilobien gainean pizteaz eta zaintzeaz arduratzen ziren. Familia aberatsenek
euren senideen hilobiak zaintzeagatik ordaindu egiten zieten, lekari edo gari ale
batzuk emanda, eskuarki. Elizkizunetan ere parte hartzen zuten, bataioetan
jaunartzeetan, edo egunez nahiz gauez gaixoei oleazioa ematen laguntzen.
Karitatezko egintza ugari ere egiten zuten: gaixoak zaindu, hildakoak beztitu
edo hiletetan laguntza eman.
Argi ontzi batean olioa erretzen |
Ehunka urte hauetan zehar,
ordea, kanpaiak jotzea izan da seroren eginkizun esanguratsuenetako bat. Baziren
egunean hiru aldiz jo behar izaten ziren lekuak: goizeko bostak aldean,
eguerditan eta ilunabarrean. Kanpaiak jotzeak hala ere, beste funtzio bat ere
izaten zuen: soroetatik harri ekaitza uxatzea uzta alferrik gal ez zedin;
baserriko errenta, apaizari hamarrena eta medikuari ordaintzeko ezinbestekoa
zen uzta.
Mendetan Euskal Herriko
baserrietako ekonomia banakako horniduran oinarrituta egon da, hau da familiak
etxean hazitakotik bizi ziren hein handian, eta serorak ere independenteak
ziren, hots, beren lanbidetik bizi ziren. Normalean artisau-jantzigintzan
aritzen ziren, baserrietako garaiko neska ezkongaiak bezala: artilezko eta
harizko alkandorak, izarak eta oihalak egin eta saldu ere egiten zituzten.
Neska gazteek orduan baserrian lihoa hazteko lur zati txiki bat izan ohi zuten
ezkontza egunera begira horniak egiteko,
eta serorek ere antzera.
Bestalde, eliza barruko
hilobiak zaintzeagatik laborea eta garia ematen zieten. Baratzea lantzeko
eskubidea izan ohi zuten eta baita egurra jasotzeko txaradi bat ere. Elizak
baimenduta urtean bi diru biltze egin ohi zituzten: bata, abuztua baino lehen
artoa jasoz; eta beste bat, ondoren garia bilduz. Ale kopuru bat etxerako gorde eta gainerakoa saldu
egiten zuten.
Felipa Ormazabal, Zumarragako Antiguako azken serora (Arg. Angel Cruz Jaka Legorburu) |
Moraltasunaren
izenean
Zalantzarik gabe, seroren
moraltasuna askotan izan zen hizpide, gizonezkoen eta elizgizonen artean batik
bat. Emakume dohatsutzat hartu arren, baseliza urrunetan bakarrik bizi izateak
buruhauste ikaragarriak eta ez errezelo gutxi sortzen zizkien batzuei. Bitxia
da, hala ere, seroren moraltasuna hizpide den guzietan tartean beti sotana bat
ere agertzen dela egiaztatzea. Jose Antonio Azpiazuk “Mujeres vascas, poder y
sumisión” liburuan azaltzen duen hau, adibide bat baino ez da: 1634. urtean
Errenteriako apaiza zen Bartolome de Yarturen aurka espedientea ireki zuten.
Sorginkerian ibiltzeaz salatu zuten. Nonbait, Oiartzungo San Salbador ermitara
bidaltzen zituen gaixoak sendatzera. Baselizan serora zahar bat eta gazte bat
bizi ziren, eta gaixoak sendatzeko aitzakiarekin gazteena araokatzen omen zuen
erretoreak zalaparta handia sortuz harekin mendian bakarrik ibiliz.
Horrenbestez, espedientea erretoreari ireki zitzaion, baina susmo txarra
serorengan erori zen. Aita Larramendik ere inoiz bere idatzietan esanda utzi
zuen izan, bazirela serora kargua utzi eta eskontzeko bidea hartzen zuten
emakumeak, eta hori desohore eta laido handia zela.
Hala ere,
bakar-bakarrik bizi izan ez diren serorak izan dira; gizonezko bat bizilagun
zutela, bai, behintzat. Baselizen inguruan, kasu askotan konjuratzaileak edo
araolariak ere bizi ziren; edo urte sasoi batzuk, behintzat, bertan ematen
zituzten. Zumarragako Antiguako baselizari mendetan itsatsita egon den
Serora-Etxea bera handitu egin zuten 1570 urte inguruan alboan beste etxe
moduko bat eginez maiatzetik irailera bitartean bertan izaten zen
konjuratzailearentzat. Ez zen bakarra, gainera, bertan ibiltzen zen
konjuratzailea, baizik eta, txandaka, bi edo hiru konjuradore bizi zen etxe
berean.
Kanpai jotze automatikoa
San Prudentzioko
Juanitak bere zereginez hitz egin digunean argitu digu lanak ez direla bereziki
astunak, nahiz eta azken urteetan, kanpai jotze automatikoa jarri aurretik,
gizonak edo suhiak lagundu behar izaten zioten teilatu gaineko kanpaia
astintzen. Lan handirik ez; bai, ordea eginbeharra. Gaur egun bestelako
laguntzarik ere badu, hau da hilean behin elizatxoa garbitzeko biltzen den
emakume taldea, garai bateko serora taldearen antzera. Hala ere, beste
nahitaezko eginkizun batzuk baditu: guztien artean aipagarriena elizako atea
ondo itxita gelditu dela ziurtatzea. «Mania bat» dela aitortu digu, eta egunean
zehar behin baino gehiagotan pare-parean dagoen etxebizitzatik irten, giltzak
hartu eta ziurtatzen du atea ondo itxita dagoela. San Prudentzion lapurretarik
inoiz ez dela izan esan digu, harro.
Eguneroko
garbiketa txikiak ere egiten ditu: oihalak lisatu, hautsa kendu eta dena bere
lekuan dagoela ikuskatu: otoitz liburua, Don Pedro bikarioaren elizkizunetarako
arropak, gero eta ugariagoak diren ezkontza liburuen erregistroa. Eta, batez
ere, kanpaiak. Kanpaiak egunero entzuten dira San Prudentzioko baselizan,
egunero dagoelako elizkizunen bat, goizez edo arratsaldez. Kanpaiek meza hasi
baino ordu erdi lehenago jotzen dute. Lau urtez geroztik dute sistema
automatikoa; hala ere, gailua astegun buruzuriak eta jaiegunak ohikoak direnerako
soilik dago programatuta, hau da, aparteko jaiegunik badago, eskuz maneiatu
behar da aparailua, eta horretaz Juanita arduratzen da. Bestalde, seroraren
egitekoa izan da orain eta beti bertaratzen diren guztiei harrera egin eta
baseliza erakustea. Juanitak oso gogo onez hartu gaitu bertan eta elizari buruz
diren xehetasun guztiak dizkigu ezagutzera.
San Prudentzio
garai batean Lazkaoko herrigunetik oso aldenduta zegoen; gaur egun, berriz,
bertatik bertara dagoela esan diteke ia; senarrarekin bizi da eta, berak
dionez, oso bizilagun onez inguratuta. Ezin esan, beraz, gaur egun serorak
bakardadean eta konpainiarik gabe bizi direnik; hala ere, iruditu zaigu Juanita
ez dela etxetik urruti aldentzen. Gaztetan inoiz egin zuen lan etxetik kanpo,
baina behin ezkondu eta gero hiru seme-alabak hazi eta baseliza zaintzeaz
arduratu da buru-belarri. Baratzea ere badu Serora-Etxeak, ederra, nahiz eta
gaur egun nahi baino kasu gutxiago egiten zaion; gazteak falta laguntzeko.
Elizatxoa inguratzen duten arrosondoak eta hortentsiak, berriz primeran
kimatuta daude.
Tradizioa eta mirariak
Baselizetako
serorak, gainera, bertako elizaren tradizio eta errituen zabaltzaile eta
zaintzaile izan dira betidanik, eta kasu askotan sendaketa lanak ere egin ohi
zituzten. Gure baselizetan zabalduen egon diren tradizioak haur jaioberrien
gaitzak sendatzeari lotuta egon dira, negar asko egiten zuten edo hitz egiten
hastea kosta egiten zitzaien haurrak eramaten zituzten serorarengana. Aldare
gainean birarazten zituzten gaitza sendatzeko. Bestalde, erritu hau oso
zabalduta egon da Europa osoan. Haurra aldarearen gainean jartzen zuten,
serorak alde batera eta bestera bira eginarazten zion otoitz egiten zuen bitartean eta,
bukatzeko, gurasoek limosnaren bat uzten zuten baselizan; edo mezaren bat, kandelak
edo argientzako olioa eskaintzen zuten.
Horrez gainera,
baselizak legenardundegi edo lazareto bezala ere erabili izan dira izurrite
garaietan, gaixoak bertan eduki eta besteengandik bakartzeko. 1853. urtean izan
zen kolera izurritearen garaian, esate baterako. Gaixoak bertan egon eta
gehienetan hil ondoren, serora berriz ere bertaratu aurretik hormak kareztatzen
zituzten, ustez, ez kutsatzeko.
Amezketako Uharte auzoko serora argizari eskaintzarekin (Arg. Antxon Aguirre Sorondo) |
Arerioak
Arestian aipatu
bezala, serorak gizartean oso errotuta egon arren, beti izan zituzten etsaiak eta
era batean edo bestean beti ateratzen zen argitara euren moraltasunaren,
ohitura onen edota gauza eta ekintza sakratuetan parte hartzeko
dohatsutasunaren gaia. Lehenengo eta behin, elizan eta eliz-laguntzaile funtzioak
betetzen zituztela ikusita, hainbait iritzi agertu ziren emakumezkoak nahiko
dohatsuak ote ziren gauza santuen artean ibiltzeko zalantzan jarriz: aldarea
txukundu, kaliza esku artean eduki, sakristiara sartu edo bertako giltzak
edukitzea, esate baterako. Eta hori dela eta, berehala bereiztu zituzten
sakristauen eginkizunak eta serorenak, serorak elizkizunetatik baztertuz. Hori
izan zen eliza nagusietako seroren aurkako lehenengo erasoa; eta bortitzena,
berriz, 1769.urtean indarrean jarri nahi izan zuten agindua izan zen: handik
aurrera, eta baselizetako serorak hiltzen ziren neurrian, Serora-Etxeak itxi
egingo ziren. Haatik, kasu gehienetan legeak ez zuen nahiko indar izan serorak
desagerrarazteko, izan ere, herriek babestu eta euren esku zeuden legezko trikimailu
guztiak erabili zituzten Serora-Etxeak mantentzeko. Kontuan hartzekoa da,
bestalde, Serora-Etxe eta baseliza ugari jauntxoren batenak edo besterenak
zirela, eta ez zutela aparteko arazorik izaten legea saihesteko.
Sagar lapurra
San Prudentzioko
ermita noizkoa den esaterik ez du izan Juanitak, baina XIV.mende ingurukoa izan
daitekeela iruditu zaigu haren baserri itxurako soiltasunari erreparatuz. San
Prudentzio santu arabarra da berez, eta bertan zer egiten duen galdetu
diogunean, Prudentzio deuna Lazkaora sagarrak lapurtzera joaten zela argitu digu
Juanitak. Argitu eta harritu. Haren dohatsutasunaren alde ez du horrek asko
esaten, baina Juanitak ezin izan digu beste azalpenik eman. Jakin badaki, hala
ere, garai batean San Prudentziora sagar landareak eramateko ohitura zegoela.
Juanitak, serora
guztiek bezala, debozio handia dio Ama Birjinari eta haren aurrean erretzen du
argi-ontzi batean jarrita olioa, izan ere San Prudentzioko ermitak badu bere
dohain berezia ere, bertan erretako olioarekin igurtzi eta koskorrak eta
garatxoak desagertzen omen baitira. Oraindik ere jende ugari joaten omen zaio
olio eske, eta Juanitak beti izaten du botilatxo batean pronto sinestunei emateko.
Trukean olio pixka bat eramaten omen dio jendeak. Gu ere miraria egingo ote den
itxaropenaz joan gara San Prudentziotik olio santua botilatxoan hartuta. «Olioa
ezer gutxi da, ordea, federik gabe», aurreratu digu Juanitak.
Juanita Aiestaran Bengoa, San Prudentzio ermita eta Serora-Etxeko sarreran |
Aucun commentaire:
Enregistrer un commentaire